156 kilometro eta 2000 metroko desnibela dituen Oñatiko etapa ikusgarriak erabakiko du 2019ko Emakumeen Bira

Oñatin hasi eta bukatuko den etapak erabakiko du 2019ko Emakumeen Birako garailea. 156 kilometro eta 2000 metroko desnibela duen etapan hirugarren mailako bi mendate-Udana eta Untzilla, bigarren mailako mendate bat -Atagoiti- eta lehen mailako -Asentzio- igaro beharko dituzte.

Oñatira iristerakoan euskal errepideetatik zehar 500 kilometro eta 5.500 desnibel positiboko ibilbidea burutua izango dute txirrindulariek. Euskal errepideetan ohikoak diren Ibilbide gogor eta ezustekoz beteak izango dituzte txirrindulariek. Iurretako helmuga azkarra kenduta, gainontzeko amaiera guztiek duten zailtasunei egin beharko diete aurre Women´s World Tourreko izarrek. Iurreta, Amasa, Santa Teodosia eta Oñatik erabakiko dute ia 500 kilometro eta 5.500 metroko desnibel positiboa duen 2019ko Emakumeen Bira. Iurreta, Aduna, Zuiako Ametzaga eta Oñati izango dira maiatzeko hirugarren astean nazioarteko neska txirrindulari onenak izango dituzten udalerriak.

Gainontzeko etapetan, Emakumeen Birak zailtasun gutxiagoko ibilbideak aurkituko ditu. Lehen etapan, Artebakarra eta Astoreka gainak igaro beharko ditu pelotoiak, baina printzipioz ez lukete min handirik eragin behar. Helmugatik 12 kilometrora dago kokatuta Arrindako horma. Toki paregabea izan daiteke ezustekoa emateko. Aldapa aurrean pasatzea lortzen dutenek liderraren maillota jartzeko aukera paregabea izango dute.

Aldapa asko izango dira erreskadan bigarren etapa. Altzo eta Alkiza gainditu beharko dituzte lehendabizi txirrindulariek, ondoren Asteasu, Zizurkil eta Adunako amaierako zirkuitua burutzeko. Ibilbide estu eta bihurgunez betetakoak urduritasuna areagotuko du Amasako amaiera explosiboaren aurretik. Gehienezko abiadura ona eta maldetan aurrean mantentzeko gai denak etapa irabazteko aukera argiak izango ditu.

Abaniko eta mozketetarako egun aproposa izango da hirugarrena. Arabako bide estuak izango dira protagonista etapa leun honetan eta egun haizetsua izanez gero lana gogotik egin beharko dute txirrindulariek. Opakua izango da eguneko lehen mendatea eta bertara iritsi aurreko 80 kilometroetan ez da tentsiorik faltako. Behin mendatea igarota ,indartsuenek garaipena izango dute jokoan Santa Teodosian. Done Bikendi Aranan eskuinera egin ondoren abiaraziko dute igoera Baselizara arte. %15 eta %17ko maldei egin beharko diete aurre txirrindulariek helmugara iristeko.

Etapa luzeena eta desnibel handiena duena izango da aipatu dugun laugarren etapa; Emakumeen Bira 2019ko etapa erregina. Eskalatzaileek sailkapen nagusian eragiteko aukera paregabea izango dute. “Prestaketa” lanetarako kilometroen ondoren Udana igo beharko dute hasteko, ondoren Ormaiztegira iritsi ondoren Atagoiti izango dute zain. Aldapa luze honen ondoren Udanatik pasako dira berriro eta jaitsi eta berehala Untzillako gain labur bezain irregularra izango dute zain. Aretxabaletarako jaitsiera arriskutsuan tentu handiz ibili beharko dute txirrindulariek, bertatik Asentziori aurre egin eta 156 kilometro burutu ondoren Oñatiko helmugara iristeko.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *